Skip to main content

Ikaste esperientziak


Irudia
Ikaste esperientziak

 

 

 

Ikaste Esperientziak: definizioa, zentzua eta funtzioa

 

Ikaste Esperientziak ikaskuntza-ereduaren oinarrizko unitate pedagogikoak dira. Ez dira jarduera solteak, irakasgaien transmisioak edo metodologia jakin bat; baizik eta ikaskuntza prozesu osoa antolatzen duten esperientzia pedagogikoak. Ikaste esperientziak ikaskuntza eta bizipenaren batura dira: ikasleek ulertu, sentitu eta bizipenak partekatuz lortzen dute ikaskuntza eta garapena. 

Zer da Ikaste Esperientzia bat?

Ikaste Esperientzia bat testuinguru pedagogiko bat da, non ikasleak aldi berean ikasketa eta bizipen bat bizi dituen. Hau da, esperientzia ez da soilik zerbait ikastea; ikasitako horrek zentzua hartzen duen bizipen bat ere bada. Ikaskuntza eta bizipenaren batura da.

Irakasleok esperientziak diseinatzen ditugu, baina bizi diren ikasketa eta bizipenak pertsonalak dira. Ikasle bakoitzak modu desberdinean bizitzen du proposatutako esperientzia, baina ezinbestekoa da bi dimentsioak egotea: ikaskuntza (ulertu, jakin, egiten ikasi) eta bizipena (sentitu, bizi, konektatu).

Hor dago bereizketa nagusia eduki hutsaren transmisioarekin alderatuta. Edukien transmisioan arreta jartzen da zer azaldu eta zer ulertu behar den; Ikaste Esperientzietan, aldiz, galdera nagusia da:  zer biziko du ikasleak, eta bizipen horren bidez zer ikasiko du?

Zergatik Ikaste Esperientziak?

Ikaste Esperientzien zentzua da ikaskuntza ulertzea pertsona osoaren garapen gisa. Ez da nahikoa edukiak eskuratzea; beharrezkoa da ikasleak esperientzia esanguratsuak bizitzea, horien bidez pentsamendua, emozioak, harremanak eta identitatea garatzeko.

Ikaskuntza modu honetan ulertzen denean, galdera nagusia aldatzen da: ez da soilik zer irakatsi behar den, baizik eta zer esperientzia bizi behar dituzten ikasleek pertsona gisa garatzeko.  

Horrek begirada aldaketa sakona eskatzen du: irakaslea edukien transmititzailetik esperientzien diseinatzaile izatera pasatzen da.

Gainera, Pertsona Eredua garatzeko ezinbestekoa da esperientzia aniztasuna. Ez dago metodologia bakar batek pertsona baten dimentsio guztiak garatzeko gaitasunik. Horregatik, ikasleek esperientzia mota desberdinak bizi behar dituzte: gidatuak eta autonomoak, indibidualak eta kooperatiboak, teorikoak eta praktikoak, gelan zein kanpoan.

Esperientzia aniztasun horrek ematen du aukera Pertsona Ereduko ezaugarri guztiak lantzeko: lankidetza, barne askatasuna, pentsamendu kritikoa, sormena edo konpromiso soziala.  

Horrela ulertuta, ikaskuntza ez da eduki akademikoen transmisio hutsa, baizik eta pertsona gisa hazteko prozesu integrala.

Zertarako balio dute Ikaste Esperientziek?

Ikaste Esperientziek hiru funtzio nagusi betetzen dituzte ikaskuntza-ereduan.

Lehenik, ikaskuntza-prozesuari egitura ematen diote. Haien bidez antolatzen dira ikasleen jarduera intelektualak, sozialak eta sortzaileak: galderak sortzea, ikertzea, sortzea, partekatzea, hausnartzea edo ebaluatzea.

Bigarrenik, Pertsona Eredua garatzeko bide nagusia dira. Esperientzia bakoitza diseinatuta dago ezaugarri jakin batzuk garatzeko. Horregatik, irakasleak argi izan behar du zer lantzen ari den, eta hori ikasleei esplizitatzea funtsezkoa da.

Hirugarrenik, Oinarrizko Hezkuntza Ildoak praktikara eramateko tresna dira. OHIetan jasotzen diren printzipioak ez dira aparteko elementuak; Ikaste Esperientzien barruan gertatzen dira modu naturalean.

Horregatik, Ikaste Esperientzia guztiek ez dute antolaketa bera. Ez dute ordu kopuru berdina, ez espazio berdinak, ez metodologia bera, ezta rol berdinak ere. Momentu bakoitzak bere logika pedagogikoa du.

Hala ere, momentu guztiek elementu komun bat dute: argi dute zein Pertsona Ereduko ezaugarri garatzen laguntzen duten eta nola integratzen dituzten OHIak eta curriculuma.

Horregatik, Ikaste Esperientziak ez dira jarduera isolatuak; aste-ereduan sistematikoki txertatutako egiturak dira. Ikasleek momentu horiek modu jarraituan bizitzen dituzte, benetako inpaktua izan dezaten portaeran, ulermenean eta marko mentalean.

Ikaste Esperientzien bidez, beraz, ikaskuntza-prozesua ez da jarduera solte edo metodologien segida bat.  

Esperientzia pedagogiko koherenteen sistema bihurtzen da, non Pertsona Eredua, OHIak eta curriculuma modu integratuan garatzen diren.

Ikaskuntza Esperientzia Aurreratuaren diseinuak lotura zuzena du lehen hedapeneko 3.2 azpiatalarekin, non ikaskuntza prozesuen antolaketa eta egituraketa berrikusteko beharra planteatzen den. Bigarren hedapen honetan, ikuspegi hori konkretatzen da Ikaste Esperientzien, aste ereduaren eta aukera metodologikoen bidez, ikaskuntza-eredua eguneroko praktikara eramateko.