Oinarrizko Hezkuntza Ildoak
Oinarrizko Hezkuntza Ildoak (OHIak), pertsona ereduaren inpaktuak lortzeko tresna nagusiak dira. Erakunde osoarentzat komunak dira, eta eraldaketako ekintza guztien koherentzia ziurtatzen digute. Gure intuizioan, ezagutzan eta ebidentzia zientifikoan oinarritzen dira.
Hona hemen Anoetako Herri Ikastolako OHIak:
Euskara eta euskal kulturari atxikitua
Inguruko kulturei irekita, euskal kulturarekiko eta euskararekiko atxikimendua eraikitzen du, eta hauek garatzeko eta zaintzeko eragile aktiboak sustatzen ditu.
Komunitatea zaintzen duena
Bere komunitatea zaintzen du eta familiekin zein ikasleekin harreman etengabea, hurbila eta konfiantzazkoa du, bi norantzatako eredu parte-hartzaile baten bidez.
Hobekuntza eta berrikuntzara irekia
Gizartearen aldaketa eta beharrez jabetzen da, eta horregatik, hezkuntza-komunitate gisa, hobekuntza eta berrikuntzetara irekita dago, bai eta barne- eta kanpo-ebaluazio etengabera ere.
Konprometitua
Ingurune sozial eta naturalarekin konprometitzen da, eta herri-elkarteen mugimenduan parte hartzen du.
Malgua
Espazio, material, IKT, denbora eta altzari malguak erabiltzen ditu. Horrela erritmo eta lan egiteko modu ezberdinak (presentziala edo birtuala) errespetatzen dira, sormena eta antolaketa era anitzak sustatuz.
Irakasleri proaktiboa
Esperientzia pertsonalizatuak diseinatzen dituztenak, hezkuntza-komunitateetako hainbat eragilerekin taldean lan egiten dutenak, ikaskuntza- edo prestakuntza-taldeetan malgutasunez parte hartzen dutenak eta ikasleen hezkuntza- eta bilakaera-prozesuan laguntzaile eta gidari direnak.
Metodologia aktiboak
Irakatsi eta ikasteko prozesuan jarduera desberdinak konbinatzen ditu: ekintza gidatuak, esperientziak, erronkak eta diziplina arteko proiektu eleaniztunak, aktiboak, lankidetzakoak eta bizipenezkoak. Lantzen diren edukien hautaketak, gaitasunen garapenetik harago, pertsona-ereduan eragin behar du.
Ikaslea erdigunean
Ikaslea subjektu aktiboa eta bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista da; egiten ikasten du, erantzukizunak hartzen ditu, ikasten duenari buruz hausnartzen du, autokudeatzen da eta ezagutza eraikitzen du.
Pertsona eta bere garapena giltzarri
Ikaskuntza-komunitatearen garapen pertsonalerako eta autoezagutzarako uneak eskaintzen ditu, izatearekin konexioan, norberaren ezagutzan aurreratu eta bere bizi-proiektua garatzeko.
Taldekatze anitzak
Taldekatze malguak konbinatzen ditu, ikaskuntza-komunitate osoan lankidetza, talde-lana eta ikaskuntza kooperatiboa sustatuz.
Aniztasunaren zaintza
Hezkuntza inklusiboan oinarritzen da, eta aniztasunari erantzuten dio, hezkuntza-ibilbide pertsonalizatuak eraikiz eta horietan lagunduz.
Ebaluazio hezigarria
Hainbat kide eta tresna erabiliz eta feed-back eraikitzailean, etengabeko ebaluazio hezitzaile pertsonalizatua egiten du, ikaskuntza eta garapen pertsonala hobetzeko asmoz.