Skip to main content

Gure bidelagunak

Elkarlana eta partaidetza

Murgilduta gauden aldaketa ezin da mugatu hura gidatzen ari den erdigunera. Arrakastatsua izateko eta esanahi eta sakontasun osoa lortzeko, hezkuntza-komunitate osoak parte hartzeaz gain, komunitate horrek ulertu eta bere egin behar du, hausnarketatik eta praktikatik abiatuta.

Habi

Hezkuntza-komunitateaz ari garenean, irakasleen klaustroaz ez ezik, komunitatea osatzen duten ikasleez, familiez eta profesionalez ere ari gara.

Ezinbestekoa iruditzen zaigu Anoetako Udalarekin eta tokiko beste elkarte eta erakunde batzuekin ere lan egitea. Herriko elkarte hauen ekarpenak gizarteak eta, zehazki, Anoetak behar duen hezkuntza- eta pertsona-ereduari buruzko eztabaida aberastu baitezakete.

Ezin ahaztu ere Irurako Ikastola. Jaiotzetik gurekin elkarlan eta kohesio estua du. Irurako Ikastolako ikasleek gainera, DBH gure Ikastolan osatzen dute. Hurbiltasunagatik eta tamainagatik, Ibarrako Uzturpe Ikastolarekiko begirune berezi batek ere lotzen gaitu; izan ere, azken urte hauetan, bereziki DBHko gaietan elkarlanean aritu izan gara.

Prozesu honetan, gurearen antzeko aldaketa-prozesua egiten ari diren beste 6 ikastolen lankidetza ere badugu (Arizmendi Ikastola, Axular Ikastola, Laskorain Ikastola, Orioko Herri Ikastola, San Fermin Ikastola, Txantxiku Ikastola) eta azken urte hauetan hurbilketa eta hausnarketa pertsonal, pedagogiko, arkitektoniko, antolamenduzko eta abarreko lana egin dugu. Gainera, sentitzen dugu prozesu honek bat etorri behar duela Ikastolen Elkarteak egiten duen lanarekin eta eskaintzarekin.