Elkarrekin amestu eta eragin dezagun
Mundua asko aldatu da azken hamarkadetan. Gure ingurunea, gizartea eta hezkuntza- eta familia-ereduak aldatu dira. Aldaketa horiek azkar eta etenik gabe gertatzen ari dira. Erronka berriak agertzen dira epe laburrean, hala nola, infoteknologia, aniztasuna edo klima-aldaketa. Aldaketa horiek guztiek hezkuntza-premia desberdinak eragin dituzte.
Gaur egun ikastolari balio erantsiak eskatzen zaizkio (emozioak lantzea, bizitza osoan ikasteko gaitasuna garatzea, jazarpena zaintzea), lehen eskatzen ez zitzaizkionak. Barne-sendotasuna eta pertsonen arteko harremanak garatzeko lana.
Aldatu egin nahi dugu, horri guztiari erantzun eta egokitu ahal izateko, eta gaur egungo hezkuntza-ereduak deskonektatu egiten duelako pertsona bere izaeratik eta inguratzen duen errealitatetik.
Aldatu egin nahi dugu, sortzen ari diren behar eta erronka berriei erantzuteko eta atzean ez geratzeko. Gure ikasleak prest egon daitezen aurkituko duten mundurako. Are gehiago, bizi garen gizartean gustuko ez duguna eraldatu nahi dugu, eta gure ikasleak eraldaketa horren parte eta eragile bihurtu. Hezkuntza gizarte hobe eta justuago baten alde aldatu nahi dugu.
Horretarako, orain arte ez bezala, ikaslea ikaskuntzaren zentru edo gune bihurtu nahi dugu. Komunikatzeko modu eta lan-tresna berriak erabili nahi ditugu, ikasleak berak eraiki dezan bere ezagutza. Ikusi eta ikastetik, sentitu, pentsatu eta jardutera pasatzea.
Ikasleak bere osotasunean garatzea nahi dugu. Bakoitza den bezala errespetatuz eta bakoitzari bere lekua eskainiz. Haien interesak errespetatu nahi ditugu, eta haiekin konektatu, landutakoaren erabilgarritasunetik, funtzionaltasunetik eta indarralditik, eta motibazioa sustatu.
Aldaketa horiekin, halaber, motibatu egin nahi dugu, zentzua eman nahi diogu egiten dugunari, koherenteak izan nahi dugu hasitako Konfiantzaren Pedagogiaren ibilbidearekin. Gure lekua aurkitu nahi dugu, gure lanak eragina izan dezakeela sinetsi nahi dugu, eta pertsona eraldatzaileak eta kritikoak ereiten ari garela sentitu nahi dugu, gure gizartean gustuko ez ditugun alderdiak aldatzeko.