Skip to main content
2023/05/12

Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren balorazioa

Balorazio bateratua egiteaz gain, hemendik aurrerako pausoak eta estrategia definitu dira ikastola guztien artean

Ikastolen Elkarteko logoa

Maiatzaren 4ean, Durangon, Ikastolen Elkarteak ezohiko batzar bat ospatu zuen EAEko ikastola guztiekin. Egungo hezkuntza-testuinguruaren aurrean eta duela egun batzuk ezagutu berri dugun Hezkuntza Lege Proiektuaren balorazio bateratu bat egin eta hemendik aurrerako pausoak eta estrategia definitzeko asmoz.

Maiatzaren 9an, berriz, Ikastolen Elkarteko Zuzendaritza eta organo gorena den Artezkaritza Kontseiluko kideak Ikastolen Etxean elkartu dira gure balorazioa euskal gizarteari helarazteko asmoz.

KOKAPENA – BIDEAN EGINDAKO URRATSAK

Azken urte honetan Euskal Hezkuntza Sistema arautuko duen legearen inguruan hainbat mugimendu egin dira Hezkuntza Sistema osatzen dugun eragileon aldetik. Eta GU IKASTOLAK, parte aktibo izan gara. Apirilaren 25ean LEGE AURREPROIEKTUA ezagutu berri dugu, eta gaur honen balorazioa egiteko elkartu gara hemen. Horrekin batera, gure ustetan euskal gizartearentzat eta ikastola mugimenduarentzat ezinbestekoak diren aldaketak proposatzera ere bagatoz. Hori egin aurretik bidean egin diren urrats horietako batzuk aipatzea ezinbestekoa dugu:

  • 2022ko martxoaren 31n EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiek EUSKAL HEZKUNTZAREN ERALDAKETARAKO OINARRIEN AKORDIOA adostu zuten, eta Ikastolok begi onez ikusi genituen bertan zehaztutako hainbat ideia. Aldi berean, baziren kezka eta ardura sortzen zizkiguten beste hainbat gako ere. Legearen idazketa prozesua konplexua izango zela aurreratu genuen eta beronek hitzarmenak jasotakoa baino zehaztapen handiago beharko zuela ere bai.
  • 2022ko irailaren hasieran, Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa ezagutu ostean eta Ikastolok urtero ospatzen dugun Ikasturte hasierako ekitaldian, argi adierazi genuen zirriborro horrek gure mugimenduan sorturiko ezinegona. ‘Desengainu’ hitza erabili genuen une hartan, eta, zentzuzko irtenbide bat eman nahian, ikastoletan eztabaida prozesu bat abiatu eta gure komunitatearen iritzia jaso genuen. Eztabaida prozesu horren ondorio izan ziren zirriborroari eegindako ekarpenak eta azaroaren 22an Ikastolek egindako agerraldian plazaratutako balorazioa.

Abiapuntu hori zehazturik, hau da Ikastolen Elkartetik Lege aurreproiektuaren inguruan egiten dugun balorazioa:

“BALEKOA DEN LEGE BATEN AURREAN GAUDE, BAINA GOBERNUARI AGINDU ETA DEKRETU BIDEZKO GOBERNANTZA AHALBIDETZEN DION LEGEAREN AURREAN ERE BAI. ALDEBAKARREKO POLITIKA DERITZOGUNA“.

Aipatu moduan, balekoa da Gobernu Kontseiluak onartu duen Lege aurreproiektua, Euskal Hezkuntza Sistema berri baterako bidea irekitzen du eta. Aurreproiektu honek aukera esanguratsuak jasotzen dituela ezin dugu ukatu, eta gaur egun dugun Eskola Publikoaren Legearekiko aurrerapauso handia da. Aurreproiektu honek jasotzen dituen aukera esanguratsuenak hauek dira:

  • Lehen aldiz, publikotasun eredu berri bat definitu eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren idea jasotzen du. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa osatuko duten ikastetxeek, administrazio-titularitatekoak izan ala ez, bete beharreko baldintzak, printzipioak, konpromezuak, betebeharrak eta lortu beharreko helburuak aurreproiektuan jasota daude.
  • Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan egongo diren ikastetxe guztien finantzaketa bermatuko dela adierazten da, doakotasun erreala ziurtatuz. Bat gatoz doakotasun printzipio eta helburuarekin, ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera. Doakotasunaren bide honetan urratsak egiten hasi da Hezkuntza Saila finantzazio gehigarria emanez.
  • Hizkuntzen alorrean ere, euskararen inguruan aurrerapauso batzuk eman dira. Besteak beste:
  • Neurriak hartuko dira euskararen erabilera bultzatzeko, eskola-komunitatearen motibazioa sustatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko. o Euskararen minorizazio egoera aitortu da eta ondorioz C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko da irakasle guztien artean.
  • Ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan euskararen B2 maila lortu beharko dute.

Baina ere berean, Aurreproiektu honek hainbat gabezia ditu, eta gabezia hauek arazo bilakatzen dira Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko propio eta bateratzaile bat gauzatzeko orduan. Zein arazo ikusten dizkiogu?

  1. Legearen zehaztapen falta. Gai garrantzitsu gehiegi, deskribapen labur baten ondoren, araudi bitartez garatzeko geratzen dira. Agindu eta dekretu bidezko garapenek aldebakarreko politika ahalbidetzen dute, eta hezkuntza eragileoi prozesuan parte hartzeko aukera zailtzen digute. Susmo hau egiaztatzeko aukera izan dugu ikasleen onarpen prozesuan ezarritako neurriekin, hezkuntza eragileok ez dugu eta prozesuan parte hartzeko aukerarik izan. Legearen garapena ondo bideratu nahi badugu, honek hezkuntza eragileen parte hartzea ahalbidetu beharko du.
  2. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren zehaztapen falta dago. Publikotasun berri bat definitu eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidea jasotzen bada ere, publiko-pribatu dikotomia juridikoa ez du gainditzen. Ikastetxe guztiok, titulartasuna zein den kontuan izan gabe, baldintza berdinetan jokatzeko ahalmena izan behar dugu.
  3. Ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera doakotasun printzipioa eta helburua zehazten dira, baina ez da inon aipatzen doakotasun hori burutzeko modua, ezta erabiliko diren baliabideak ere. Gaur egun Memoria ekonomikoan zehaztutako baliabideekin ezinezkoa da doakotasuna gauzatzea. Horregatik, eta helburu horri begira, LOMLOE berak Espainia mailan epe zehatz batzuk ezarri eta lantalde bat eratzeko beharra aipatzen dituen horretan, Euskal Hezkuntza Legeak aipamen bera jaso beharko lukeela uste dugu. Eta ez hori bakarrik, ohar berezi bat ere bai doakotasunaren bermearen inguruan; ezin izango baita doakotasuna bermatu baliabide guztiak bideratu artean.
  4. Ez du gobernantza eredu berririk planteatzen. Titulartasun pribatua duten ikastetxeak edota administraziopekoak aipatzen dira, baina ez da aintzat hartzen ikastolok eta kooperatibek dugun kudeaketa eredua, kooperatiben legean jasota dagoena. Alegia, ikastetxearen titulartasuna familiek eta kasu askotan langileek partekatzearena.
  5. Euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen hezkuntza sistema ez da bermatzen. “Gehiago” behar dugu. Hizkuntza ikastereduak isilbidez indargabetuta badaude ere, Ikastetxeek euskararen alorrean jasotzen diren helburuak lortzeko, lege berriak benetako murgiltze eredua gauzatu beharko luke, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta. Garrantzitsua iruditzen zaigu murgiltze eredua legean zehaztea, ikastetxeek euskara lehenetsiko dutela ziurtatu eta euskararen arnasgune bilakatu daitezen. Horretarako Hizkuntza Proiektuak sendotu behar dira; sendotu eta erdigunean jarri, baliabide gehiagoz hornituz. Euskal Hezkuntza Zerbitzuan egongo diren ikastetxe guztiek, legearen euskara atalean agertzen diren helburuak erdietsi beharko dituzte. Helburu horien arteko esanguratsuena, Ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan B2a lortzearena izango litzateke. Gauza da ezin dugula lorpen horren ebaluazioa ikastetxe bakoitzeko irakasleengan utzi, kanpo ebaluaketa egitea ezinbestekoa litzateke objetibotasuna bermatzeko.
  6. Legeak ez du Euskal Herria bere osotasunean jasotzen. Ikastolok Euskal Herria bere osotasunean landuko duen lege bat aldarrikatzen dugu. Euskal Herriaren lurralde osoari eragingo diona, eta Euskal Herriko hezkuntza-sistemako ikastetxeen arteko lankidetza hitzarmenak bultzatuko dituena. Eta horretarako bideak badaudela argi dugu. Alde batetik, Euskal Herrian dauden ikastetxe guztien arteko harremanak eta proiektuak sustatuz; eta bestetik, Europa mailan dagoen legedia erabili; elkarlana sustatzeko erakundeak sortuz eta baliatuz. Puntu honekin lotuta, argi utzi nahi dugu ez ditugula inolaz ere alde batera utziko Iparraldean eta Nafarroan euskarazko irakaskuntzan ari diren ikastolekin dugun konpromisoa eta lankidetza. Nazio mailako hezkuntza sistema propio baterako urratsak egiten jarraitzeko asmoa dugu eta.
  7. Legeak ez du euskal curriculumean oinarritutako hezkuntza sistema eraikitzen. Euskal curriculumaren aipamen bakarra egiten du Euskara eta Hizkuntza Irakaskuntzarako Institutua arautzen den artikuluan: “Euskal Curriculuma lantzea eta eskola-materialen ekoizpena antolatzea”. Ikastolok, ordea, Euskal Curriculuma oinarri izango duen hezkuntza sistema nahi dugu. Oso-osorik, bertatik bertara eraikitako curriculumean oinarrituko dena. Konpetentzien garapenerako ikasgai zerrenda, metodologia eta kosmobisio propioarekin. Ebaluazio sistema hezitzailea eta hobekuntzetara bideratua.
  8. Legeak bidea ireki behar dio titulartasun partekatutako ereduak esperimentatzeari. Horretarako, errealitate ezberdinetako esperientziak kontutan hartuz eta hauekin esperimentatuz.

Egoera honen aurrean Ikastolok orain arte erakutsi dugun jarrera eraikitzailearekin jarraituko dugu, Euskal Herriko hezkuntza eragileon gaitasunean eta konpromisoan sinisten dugulako. Baina Hezkuntza sistema berri baterantz egin nahi dugun bidean adostasunak lortzea ezinbestekoa da eta, horretarako, alde guztiek egin behar dugu ahalegin berezi bat. Horregatik, Gobernuari aldebakarreko politika egiteari uzteko eskatzen diogu, eta eragileen artean adostasunak bilatzeko eta gogoeta eta eztabaida sustatzeko mekanismoak martxan jar ditzala ere bai, beti ere, denoi joko arau garden eta berdinak ezarriaz.

Denon artean eraiki dezagun etorkizuneko Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa.

Gu Euskara,

Gu Euskal Herria,

Gu Ikastola

Ikastolen Etxean, 2023ko maiatzaren 9an. 

Kategoriak

2024-12-02Bizikidetza
Hainbat kideren zuzeneko testigantzak entzu zituzten Auditoriumean aurreko ostiralean
2024-12-02Ikastola
Abenduaren 10ean, Lizarbakar gelan, 18:30ean 1.deialdian eta 19:00etan bigarrengoan izango da.
2024-11-29Ekintza
Lehen Hezkuntzako 3.mailatik 6.maila bitartekoek egun pasa emankorra eman dute Tolosan