Azaroaren 4an, Kataluniako Rella elkarteko ordezkarien bisita jaso dugu Anoetako Herri Ikastolan. Bisitaren ardatz nagusia gure ikastolaren eta herriaren arteko harremana ezagutzea izan da, eta komunitatearekin elkarlanean egiten duguna partekatzeko aukera izan dugu
Azaroaren 4an, Kataluniako Rella elkarteko ordezkarien bisita jaso dugu Anoetako Herri Ikastolan. Bisitaren ardatz nagusia gure ikastolaren eta herriaren arteko harremana ezagutzea izan da, eta komunitatearekin elkarlanean egiten duguna partekatzeko aukera izan dugu
Rella Kataluniako irakasle jubilatuen elkartea da, eta Euskal Herriko ikastolen antolaketa eta hezkuntza-proiektuak gertutik ezagutzeko asmoz etorri ziren gurera.Horretarako, azaroaren 3an eta 4an hainbat bisita egin zituzten, ikastolen ereduaren etaeguneroko jardunaren inguruko ezagutza zabaltzeko.
Azaroaren 3an, Ikastolen Elkartean izan ziren. Bertan, ikastolen antolaketa eta egitura ezagutzeaz gain, Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan aritu ziren. Hizkuntza- proiektuek eta ikastoletan hizkuntzen irakaskuntza lantzeko erabiltzen diren planteamenduek ere tarte berezia izan zuten. Hurrengo egunean, azaroaren 4an, ikastoletako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Goizean, Irurako Ikastolan izan ziren, Haur Hezkuntzako proiektupedagogikoa ezagutzen. Bereziki, hizkuntzaren lanketan eta ahozkotasuna garatzeko egiten duten lanean sakondu zuten.
Ondoren, Anoetako Herri Ikastolara etorri ziren, gure hezkuntza-proiektuaren ezaugarri nagusietako bat ezagutzera: ikastolaren eta herriaren arteko lotura estua. Bisitan zehar, gure ikastolak herriarekin eta komunitateko eragileekin duen harremanaz aritu ginen. Ikastola herrira nola irekitzen dugun, herriko ekarpenak gure hezkuntza- proiektuan nola txertatzen ditugun eta komunitatearekin elkarlanean egiten dugun lana azaldu genien. Izan ere, guretzat hezkuntza ez da ikasgeletara mugatzen den zerbait; herriarekin batera eraikitzen dugun proiektua da, eta elkarlan horrek aberasten du gure egunerokoa.
Azalpenak entzuteaz gain, ikastola barrutik ezagutzeko eta gure ikasleak eguneroko jardunean ikusteko aukera ere izan zuten. Horrela, azaldutakoak praktikan nola gauzatzen diren gertutik ikusi ahal izan zuten. Bisitariek interes handiz jarraitu zituzten gure azalpenak, eta oso pozik eta gustura gelditu ziren ezagututakoarekin. Guretzat ere esperientzia aberasgarria izan zen, egiten duguna beste hezkuntza-errealitate batzuetatik datozen pertsonekin partekatzeko eta gure proiektuaren balioa agerian jartzeko aukera eman baitzigun.
Anoetako Herri Ikastolan argi dugu: herria eta ikastola elkarrekin hazten dira, eta komunitatearen parte-hartzea ezinbestekoa da gure hezkuntza-proiektua eraikitzen jarraitzeko. Bisita honek lotura horren garrantzia berriro azpimarratzeko aukera eman digu.