EUSKARA AURRERA
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak bat egin du Gazte Euskaltzaleen Sareak "Euskara aurrera!" lemapean Donostian egingo duen manifestazioarekin. Hitzordua larunbat honetan, maiatzak 21, 17:30ean Antiguako tunean izango da.
Euskara aurrera!
Kaixo, euskaltzale
Orain aste gutxi Korrikaren olatua igaro da Euskal Herrian zehar. Eta olatu horrekin batera, euskararen aldeko taupada inoiz baino biziago sentitu dugu. Korrikak iraun duen bitartean, gainera, euskaltzale guztiok deituak izan gara euskara berriro plazara ateratzera. Maiatzaren 7an Iruñean eta maiatzaren 21ean Donostian egingo diren manifestazio banatan.
Gutun honen bidez “Euskara aurrera” lelopean egingo den bigarren manifestazio horren berri eman eta bertan parte hartzera animatu nahi zaitugu. Deitzaileek apirilaren 5ean Donostian egindako agerraldian adierazi zuten bezala, euskararen egoerarekin kezkatuta gaude euskaltzaleok. Kezka hori aktibazio bilakatzeko unea da hau. Euskarak aurrera egin dezan, euskaldunok aurrera egin dezagun. Egoerari parez pare begiratu behar diogu. Herri bultzada berri bat behar du. Aurrera egin behar dugu:
Euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko.
Euskara normalizatzeko.
Hizkuntzen, hizkuntza-komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko.
Guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Justizia eta demokrazia auzia delako hau.
Euskara herri kohesiorako zuntza izateko.
Finean, Euskal Herri euskalduna izateko.
Honegatik guztiagatik, Maiatzaren 21ean 17:30tan Donostian Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan urrats erraldoia ematera gonbidatzen zaituztegu euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duzuen herritar guztiak.