Skip to main content

Ikastolen Elkartea ez dator bat azkeneko ikasturteetako matrikulazio sistemarekin

Aste honetan emandako prentsaurrekoan, segregazioa ekiditzeko hartutako neurriak ez direla eraginkorrak azpimarratu du

ikastolak prentsaurrekoan

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesua arautzeko azkeneko dekretuak, duela hiru urtekoak, ez du balio izan segregazioa bukatzeko. Aitzitik albo kalteak eragin ditu. Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere. Indize horretan oinarritutako esleipen-mugimenduak oso mugatuak dira eta ez dira beti modu orekatuan eman. Matrikulazio bizian heltzen diren ikasleen banaketa ez da orekatua. Ikastolei kalte egin die dekretuak, haien matrikulazio kopuruak mugatu egin dituelako, baita geletan lekua izanda ere. Horiek dira,  laburbilduz, azken hiru urteetan egin den matrikulazioaren kudeaketaren gainean egin duten balorazioaren puntu nagusiak.  Horrekin batera, hainbat neurri proposatu dituzte: 

● Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko datu eta adierazle objektiboetan oinarritutako formula berri bat garatzea 

● Herrietako eragin-eremuak modu orekatuan eta justuan berrikustea 

● Udal matrikulazio bulego neutroak sortzea 

● Matrikula bizia egoki baliatzea, modu gardenago, orekatuago eta bidezkoagoa izan dadin. 

● Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea. 

● Familien hautuaren askatasuna errespetatzea 

Proposamen hauek, hezkuntza-sistema inklusiboago eta bidezkoago bat eraikitzeko helburuarekin planteatu dituzte. 

Era berean, konpromisoak ere hartu dituzte, eta zein neurri hartuko  dituzten azaldu dute: 

● Ikastola guztietan beka-sistema propioa ezarriko dute ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko. 

● Euskara etxetik ez dakarten ikasleak euskalduntzeko plan berri bat garatuko dute, izan bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat. 

● Ikastola hautatu duten familia guztiek ikastolan jarraitzeko aukera izan dezaten lan egingo dute. 

Ikastolek berretsi egin dute euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa prozesuan eragile aktibo eta konprometituak izateko asmoa. Bide horretan, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa dela gogorarazi dute: familien konfiantza, erakundeen babesa eta gizarte eragileen arteko elkarlana ezinbestekoak dira. 

Irteera
Ostiralean, LH1eko ikasleak Donostiako Eureka! Zientzia museoan izan dira. Museoa bisitatzeaz gain bi tailerretan ere parte hartu dute.
Irteera
Astearte arratsaldez gure ikasle ohien bisita izan dute, beraien esperientzia akademiokoak azalduz eta Donostiako Gela Hezkuntza Azokari ere bisita egin diote
Elkarlana
Martxoaren 18tik 20ra bitartean, Anoetako Herri Ikastolako Pedagogia eta Zuzendaritza Taldeko hainbat kidek Madrilera bisita pedagogikoa egin dute