Skip to main content

VII. Batzarra prestatzen hasi dira Ikastolak

VII. BATZARRA PRESTATZEN HASI DIRA IKASTOLAK

Gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak aztertu eta haiei erantzuteko, hezkuntza sisteman erreferente izaten eta gizartean eragiten jarraitzeko eta biharko munduan ikastolak egoki kokatzeko egingo duten VII. Batzarra prestatzen hasi dira ikastolak. Hurrengo hamarraldian egin beharreko urratsak aztertu eta erabakiak hartuko dituzte bilkura horretan.

Batzarra prestatzeko lehen urratsa barne dokumentu bat idaztea izan da. Bertan, azken hamar urteotako errepasoa egin da, egungo egoera azaltzen da, eta etorkizunerako aurreikuspen bat ere egiten da. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak osatu du dokumentua, eta berau aurkezteari ekin dio, gaur, Tolosan.

Laskorain ikastolan elkartuta, Tolosaldeko ikastoletako ordezkariek hartu dute parte lehen bilera honetan: Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusuk, Andoaingo Aita Larramendik, Anoetako Herri Ikastolak, Ibarrako Uzturpek, Irurako Herri Ikastolak eta Tolosako Inmakuladak eta Laskorainek. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko eta Zuzendaritzako kideek ere parte hartu dute.

Eskualdeka egingo dira bilerak, eta Martxoaren 31ra bitartean izango dira; astean hiru egingo dira. Ondoren, ikastolek epe bat izango dute barne dokumentua aztertu, eztabaidatu eta proposamenak eta ekarpenak egiteko. Guztiak bilduta, plan estrategikoa diseinatzeari ekingo zaio. Prozesua, Ikastolen VII. Batzarra egiten denean amaituko da.

Eztabaida edo gogoeta prozesu hau arrakastatsua izan dadin, ikastolen mugimenduaren parte-hartze zabala gakoa izango da, eta Ikastoletako komunitatearen inplikazioa bilatu nahi da. Horretarako, eskualdekako bilerez gain, ikastola bakoitzari dinamizatzaile bat izendatzeko eskatu zaio, ikastola barruan egingo den gogoeta prozesuaren bideratzailea izan dadin.

Epe jakinik ez da ezarri batzarra egiteko, ikastolen barruan eta ikastolen artean gogoetari eta ekarpenak egiteari lehentasuna eman zaiolako. Dena den, batzarra hurrengo ikasturtearen amaiera aldera egitea aurreikusi da.

Ekintza
Hizki-marrazki narrazio eta marrazki lehiaketarako girotze saioak aurrera eraman ditu DBH1ean eta DBH4an
Ekintza
Haizezko boskote baten kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten gure txikiek, Maurice Ravel musikari eta konpositore 150 urte jaio zela ospakizunen barruan
Ekintza
Ohikoa den jaialdia izan da asteazken iluntzean herriko kiroldegian. Jendez bete ditugu harmailak eta Iñauteri giroa nabarmendu da. Aurtengo emankizunaren gaia Euskal tribiala izan dugu.