Skip to main content

Aste eredua



Irudia
Aste eredua

 

 

Ikaskuntza eredu berrian, denboraren antolaketa ez da elementu neutro bat; aitzitik, ikaskuntza esperientziak posible egiten dituen egitura pedagogikoa da. Horregatik, aste eredua ez da ordutegi bat soilik, baizik eta ikastolaren ikaskuntza-ereduaren adierazpen praktikoa.

Aste eredua ikaskuntza esperientzien arkitektura gisa, ikasleek aste batean zehar bizi dituzten esperientzia desberdinen antolaketa koherentea da. Ez da irakasgaien banaketa bat, baizik eta ikaskuntza-esperientzien diseinu integratua.

Ikastolen proposamenean, aste eredua Ikaste Esperientzien (IM) inguruan antolatzen da. Hau da, astea ez da zatitzen arlo edo ikasgaietan, baizik eta ikasleek bizi behar dituzten esperientzia pedagogikoetan. Ikaste Esperientzia bakoitzak bere funtzioa du pertsona ereduaren garapenean, eta aste ereduak ziurtatzen du esperientzia horiek modu sistematikoan eta orekatuan ematen direla.

Horrek esan nahi du ohiko logika hausten dela: ez da “astean zenbat ordu matematika edo hizkuntza”, baizik eta “astean zein esperientzia mota bizi behar ditu ikasleak pertsona gisa garatzeko”.

Ondorioz, arloen banaketa zurruna desagertzen da eta bere lekua hartzen du ikuspegi integratuago batek. Arloak presente daude, baina ez dira antolaketa-unitate nagusia; Ikaste Esperientzien baitan txertatzen dira, haien zerbitzura.

Aste eredua, beraz, malgua eta moldagarria da. Ez dago denbora-unitate bakar eta finko bat. Ikaste Esperientzia bakoitzaren izaeraren arabera, denboraren antolaketa aldatzen da:

  • badira 30 minutuko momentuak (adibidez, harrera edo arreta-lanketak)

  • badira ordu bateko edo ordu eta erdiko blokeak

  • eta badira bi ordutik gorako tarteak, proiektu edo esperientzia sakonagoetarako

Denboraren antolaketa ez da arbitrarioa; momentu bakoitzaren zentzu pedagogikoari erantzuten dio. Esperientzia sakonagoek denbora jarraitua behar dute; beste batzuek, berriz, erritmo laburragoak.

Bestalde, aste ereduak aukera ematen du irakaskidetza modu naturalean txertatzeko. Ikaste Esperientziak talde edo maila ezberdinetan modu paraleloan antola daitezke, eta horrek ahalbidetzen du irakasle bat baino gehiago momentu berean aritzea. Horrela, irakasleen arteko lankidetza ez da aparteko zerbait, baizik eta egituraren parte.

Era berean, espazioen erabilera ere eraldatzen da. Ikaste Esperientziek ez dute zertan gela bakar batean gertatu; momentuaren arabera, espazio desberdinak erabil daitezke (gela, laborategia, kanpo espazioak, tailerrak…). Aste eredua, beraz, denbora eta espazioaren antolaketa integratua da.

Aste eredua ez da egitura itxi bat. Ikastola bakoitzak bere testuinguruaren, etaparen eta helburuen arabera diseinatzen du, baina betiere logika bera mantenduz: Ikaste Esperientzien bidez, Pertsona Eredua garatzeko beharrezko esperientziak bermatzea.

Jarraian aurkezten den denboralizazioa orientagarria da. Ikastola bakoitzak bere testuinguruaren, ordutegiaren, antolaketaren eta garatzen dituen Ikaste Esperientzien arabera egokitu beharko du aste eredua. Beraz, hemen proposatzen dena ez da egitura itxi bat, baizik eta erreferentziazko marko malgu bat.

Aste ereduan intentsitate eta iraupen desberdineko blokeak aurreikusten dira:

  • bloke txikiak (30-45 minutu),

  • bloke ertainak (ordu 1 ingurukoak),

  • eta bloke luzeak (ordu eta erdi edo bi ordukoak).

Horrek aukera ematen du Ikaste Esperientzia bakoitzaren logika pedagogikora hobeto egokitzeko.

Bestalde, hainbat Ikaste Esperientziatan irakaskidetza aurreikusten da. Horrek esan nahi du bi irakaslek edo gehiagok ikasle talde berarekin batera jardun dezaketela, esperientzia diseinatu, garatu eta ebaluatuz. Horrek, gainera, aukera ematen die linea bateko ikastolei zikloka antolatzeko edo linea bat baino gehiago duten ikastoletan maila bereko gelak elkarlanean aritzeko.

Taulan zutabe horretan + zeinuak markatzen du irakaskidetzaren aukera. Ez badago ez dago irakaskidetzarik, + gutxitan emango da, ++ aukerak daudenean eman behar da,+++ gehienetan emango da, ++++ ia beti emango da.