Skip to main content

Salbatore Mitxelena Ikastolari jarritako isunaren aurka elkarretaratzea

Ikastoletan aurrera eraman den ekimenean, gure aletxoa jartzeko guraso, irakasle eta langileok patioan bildu gara

Ikastolan elkarretaratzea

Agur bero bat ikastola komunitate osoari,

Azken urteetan, Hezkuntza Sailak matrikulazio prozesuan ezarritako aldaketak medio, hainbat erronkari aurre egin behar izan diegu Ikastolok. 2023ko urtarrilean Hezkuntza Sailak, lantzen ari zen hezkuntza legearen testuinguruan, 2023-2024 ikasturterako ikasleak matrikulatu eta onartzeko agindua argitaratu zuen. Agindu horretan, aldaketak txertatu zituen aurreko aginduekin alderatuta. Berrikuntza hauek, ustez ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egitea eta eskaintza eskaerara egokitzea zuten helburu. Horretarako, lehen aldiz zaurgarritasun indizearen nondik norakoak eta baremaziorako irizpide berriak ezarri zituen. 

Ordu ezkero, matrikulazio prozesuak gorabeheratsuak eta gatazkatsuak izan dira, oro har, hezkuntza-komunitatean eta, nola ez, gure Ikastoletan.  Tartean,  Salbatore Mitxelena Ikastolan.

2023ko otsailean, matrikulazio epearen aurretik, Hezkuntza Sailak, ageriko arrazoirik gabe, 2 lerrotara mugatu zuen Salbatore Mitxelena ikastolaren matrikulazioa, ordura arteko plangintzetan 3 lerro esleituta zituenean. Ageriko arrazoirik gabe diogu, herrian aurreko ikasturtean  baino 20 ume gehiago zeudelako matrikula egiteko adinean (159 haur 2022an, 179 haur 2023an). Une horretatik aurrera, erreklamazio eta alegazio segida amaiezin bati eman zioten hasiera. 2023ko maiatzean, ahalegin guztiak  alferrikakoak izan zirela ohartuta, Salbatore Mitxelena ikastolako komunitateak bere komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabalik mantentzea erabaki zuen. Hezkuntza Sailak ezarritako justifikaziorik gabeko murrizketei planto egiteko hautua egin zuten beraz. 2025-2026 matrikulazio prozesuaren atarian, duela aste batzuk,  Hezkuntza Saileko ikuskariak ikastolara gerturatu ziren. Langileak, gurasoak eta haurrak jazarriak sentitu ziren, miatuak, zelatatuak. Ikuskapen horren ondorioz, Hezkuntza Sailak hauek zigortzeko prozedura jarri du martxan, ustezko adiskidetze bilerak medio eta 140.000 euroko isuna tarteko.

Bertan, Ikastolak azken urteetan pairatutako kalte kuantitatibo eta kualitatiboak salatzeaz gain, duela aste batzuk jasotako 140.000 euroko isunaren berri eman, eta Hezkuntza Sailetik jasotako jazarpen eta murrizketen aurka irmo agertuko da.

Guk argi dugu, Hezkuntza Sailak mugimendu hauekin ikastolen proiektua ahultzen du eta horrela euskara, euskal kultura eta Euskal Herria ere ahultzen dituzte. Jakin badakigu garrantzitsua dela segregazioa ekiditeko neurriak hartzea eta jaiotza tasaren beherakadaren ondorioz eskola maparen banaketa aldatuko dela, eta badakigu horrek planifikazioa gauzatze aldera aldaketak ekarri behar dituela. Baina planifikaziorako mugak ez zaizkigu berdin ezartzen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun hezkuntza sare guztiei, eta hori horrela den bitartean, Ikastolok ateak irekitzen jarraituko dugu gure hezkuntza eredua aukeratzen duten familia orori. Horrela adostu genuen Ikastolok  2024ko ekainaren 22an Iruñean ospatu genuen 7. Batzarrean.

Horregatik, urtarrilaren 24anIkastoleko patioan elkarretaratzea egingo dugu arratsaldeko 17:00etan.

Zarauzko ikastolarekin elkartasuna adierazteko, batetik, eta Ikastolok matrikulazio prozesuan pairatzen ditugun murrizketak eta neurrigabekeriak salatzeko, bestetik. 

Kategoriak

Kidetzea
Nerabezaroan ikasleek izaten dituzten aldaketak eta PrOIn euskararen inguruko lanketak aztergai izan dira
Irteera
Beigorri abentura parkea, Xabierreko gazteluaren bisita eta herrian egindako gynkana izan dira aktibitate nagusiak
Irteera
Kristina Enea fundazioaren eskutik, Donostiako Alde Zaharra eta arrantzan aritzeko aukera izan dute