Skip to main content
2024/06/23

Biharko Ikastolak, biharko Euskal Herria eraikitzeko

Ikastolen Elkateak Vll. batzarra egin du Iruñean eta datozen urteetarako Ikastolen ereduko oinarriak jarri dituzte

Ikastolen VII. Batzarra

Euskal Herriko Ikastolok 2024ko ekainaren 22an Iruñean bukatu genuen 7. Batzarrarako prozesua . 114 Ikastolek, Ikastolen mugimenduko langileek eta Ikastolen lagun diren zenbait kidek hartu dugu parte prozesuan. Zazpi eremutan banatu ditugu gure erronkak eta etorkizuneko ildoak. Neurri zehatzak ere zehaztu ditugu zenbait eremutan. 

1. IKASTOLA EREDUA Ikastolok argi utzi dugu gure eredua ezinbestekoa dela etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko. Herritik eta herriarentzat sortutako proiektua da gurea, iturri zaharretik etengabe ur berria edaten duena. Datozen urteetan Ikastola eredua eguneratu, egonkortu, zabaldu eta aldarrikatuko dugu. Ikastola-ereduaren oinarrietan sakondu eta balioak eguneratuko ditugu.

2. IKASTOLEN ELKARTEA Ikastolen Elkartearen garrantzia aitortu eta azpimarratu dugu. Ikastola guztien aterpe, erreferentzia eta interlokutore izatea dugu helburu. Ikastolon mugimendua indartuko dugu. Euskal Hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko ekarpenak egiten jarraituko dugu. Gure gobernantza demokratikoan sakonduko dugu eta Ikastolen autonomia eta interkooperazioa bultzatuko ditugu.

3. LURRALDETASUNA Euskal Herri osoko mugimendu-izaera indartuko dugu datozen urteetan. Horretarako, egun ditugun zenbait marko indartuko ditugu eta ditugun tresnak (Estatutuak, antolaketa, barne-araudia…) berrikusiko ditugu. Izaera nazionala indartuko dugu, betiere, lurralde bakoitzaren izaera errespetatuz..

4. IKASTOLEN IRISMENA Ikastolon irismena handitu nahi dugu. Alde batetik, Euskal Herriko egoera sozial berriei erantzuteko eta, bestetik, gure eskaintza hedatzeko. Egun, Euskal Herrian bizi diren ikasle guztientzako aukera erreala izateko neurriak hartuko ditugu eta, honekin batera, Ikastola berriak, ikasketa-ziklo berriak eta modalitate berriak irekiko ditugu.

5. PERTSONAK ERDIGUNEAN Ikastolon mugimendua osatzen dugun pertsonak erdigunean jarriko ditugu. Izan ikasleak, langileak edota gurasoak. Horretarako, Ikastolon Hezkuntza Marko Orokorrean zehaztutako pertsona-eredua hartuko dugu oinarri eta formazioan eta elkar-zaintzan urratsak egingo ditugu. Ikastolon inklusio-marko propioa garatuko dugu.

6. HEZKUNTZA-PROIEKTUA Hezkuntza Proiektua sendotuko dugu. Hasi ikasmaterialetatik eta aholkularitza pedagogikoraino. Euskal Herriko gizarteak dituen kezkei erantzuna emango diegu Ikastolon Hezkuntza Proiektutik. Hasi, euskal curriculuma eguneratzetik, ikasmaterialen nolakotasunarekin jarraitu eta digitalizazioan burujabetzarako eta tresna digitalen integrazio pedagogikoaren inguruko posizioa hartuko dugu. Hezkuntza formalean eta ez formalean garatuko dugu gure hezkuntza-proiektua.

7. EUSKARA ETA EUSKAL KULTURA Euskaldun osoak heztea dugu helburu. Horretarako, euskal kulturaren sorkuntzan eta transmisioan lan-ildo berriak proposatuko ditugu. Aisialdiari arreta berezia jarriko diogu euskalduntasunean, eta gure ikasleen euskararekiko konpromisoa berariaz landuko dugu. Ikastoletako hizkuntza-proiektuak eguneratuko ditugu egoera soziolinguistiko berrira egokitzeko. Eta Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko dugu. Hau da, biharko Euskal Herria eraikitzeko behar ditugun biharko Ikastolak eraikitzen jarraituko dugu. Guztion ahaleginarekin, konpromisoarekin eta ilusioarekin. Herrigintzarekin eta euskalgintzarekin elkarlanean.

 

Kategoriak

2024-11-20Elkartasuna
Azaroaren 20an Haurren Nazioarteko Egunaren harira, bereziki, Palestinan gertatzen ari dena gogora ekarri nahi dugu
2024-11-19Ikastolak
Argia, Ibaialde, Argantzun eta Kattalin Elizalde ikastolek 736.00 €ko laguntza jaso dute 
2024-11-19Kidetzea
Gorputz Hezkuntzaren irakasgaiarentzat prestatutakoak, kidetzearen bitartez aurrera eraman dituzte