Errenteria eta Donostia lotu dituen 8.000 lagunetik gorako giza katea osatu da gaur goizean
Euskara batuaren aldeko giza katea osatu da gaur goizean Errenteria eta Donostia artean.
"Batasunaren bidean. Euskara batuari gorazarrea" ekitaldia Orereta Ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten 'Ikastolak Herriari' egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.
Errenteriako Gamon zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren parketik abiatu da giza katea, eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaitu. Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatu ditu.
Giza katea 11:00etan abiatu da eta 11:30ak arte osatu da. Anoetako Herri Ikastolako 100 ikasle eta irakasle izan dira bertan, DBH 1 eta 2koak, Donostiako Herrera auzoan zegokigun giza kate zatia osatuz.
Bost gune egokitu dira Errenterian, Pasaian eta Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Plaza Berrian, bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko.
Euskara batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 pertsona zehatz oroitu nahi izan ditu ekimenak: Koldo Mitxelena, Luis Villasante, Resurreccion Maria Azkue, Arantxa Urretabizkaia, Pierre Broussain, Henrike Knörr, Jose Maria Satrustegi, Arturo Campion, Julia Berrojalbiz, Gabriel Aresti, Xabier Kintana, Jean-Louis Davant, Raimundo Olabide, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' eta Julene Azpeitia.
Edonola ere, sustatzaileek azpimarratu dutenez, "euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da, eta horietako asko anonimoak dira. Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez".