Ikastolek eta Esukaltzaindiak "Batasunaren bidean" giza katea antolatu dute euskara batuari gorazarre egiteko.
Errenteria eta Donostia lotuko dituzte 8.000 lagunek osatutako giza kate erraldoi batean, euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko. Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten “Ikastolak Herriari” egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.
Milaka gazte, nerabe eta herritarrek osatuko duten giza katea Errenteriako Gamon zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatuko da eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko.
Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak. Euskal Herri osoko ikastola ugaritako gazte eta nerabek osatuko dute, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte har dezaketen herritarren kopuruak ez dauka mugarik, eta euskaltzale guztiei bertaratzeko deia ere egin diete.
Goizeko 11etan emango zaio hasiera giza kateari eta 11:30ak arte iraungo du. Une horretarako, bost gune egokituta izango dituzte antolatzaileek, horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko.
Anoetako Herri Ikastolatik DBH1 eta DBH2 mailetako ikasle eta irakasleak joango dira giza katean gure aletxoa jartzera.