Irakurketa-idazketaren ebaluaketa euskaraz

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean koordinatutako ikerketa duela bost urte hasi zen, euskaraz ikasten duten eta irakurtzen eta idazten ikasteko arazoak dituzten haurrei zuzendutako ebaluazio-tresna baten diseinuarekin.

Oso interesgarria da, euskaraz horrelako tresnak falta direlako, eta horrek zaildu egiten du euskaraz ikasten duten ikasleen irakurketa-idazketa prozesuaren bilakaera behar bezala ezagutzea, bai eta izan ditzaketen zailtasunak (Dislexia,...) hautematea ere.

Proiektuaren etapa honetan ikerlariek datu bilketa gauzatu behar dute eta lan horretan Ikastolaren laguntza jasoko dute. Izan ere, datu bilketa egiteko irakurketa-idazketa prozesuan murgilduta dauden ikasleak behar dira eta, beste hainbat ikastetxek bezala, gure Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako ikasleen lagin batek ere hartuko du parte ikerketan.

Era honetako ikeketa eta proiektuetan gure lankidetza eta elkarlana eskaintzea oso garrantzitsua da. Izan ere etorkizunean, tresna erabat garatuta dagoenean, oso baliagarria izango zaigu gure ikasleen irakurketa-idazketa prozesuaren ebaluaketa euskaraz egin ahal izateko, baita prozesu horrekin lotutako zailtasunak garaiz hautemateko ere.