Aniztasunetik eraikiz

Gizartearen kohesioa eta bizikidetza bultzatzeko giltzarria da aniztasunaren kudeaketa positiboa egitea, hau da, aniztasuna balioan jartzea eta aniztasun horrek diskriminaziorik eragiten ez duela bermatzea.

Aniztasunaren kudeaketa positiboa ardatz hartuta eta iaz hasitako proiektuari jarraipena emanez, Aniztasunetik Eraikiz egitasmoa eramango dugu aurrera DBH3. mailan, Gizpuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Joan den irailaren 23an izan zen proiektuaren aurkezpena Foru Aldundiko Donostiako egoitzan.

Bigarren ikasturte honetan Gipuzkoako elkarte batzuk giza eskubideen inguruan egiten duten lana gertutik ezagutuko dugu eta beraiekin arituko gara elkarlanean. Beraiekin batera, giza eskubideen aldeko gure konpromisoa gauzatuko dugu herrian, hitzetatik ekintzetara pasako gara eta gu ere giza eskubideen aldeko aktibista bihurtuko gara, gizarte justuago bat lortzea guztion zeregina baita.

Gautena, Begisare, Salvamento Marítimo Humanitario, Zehar errefuxiatuekin, Gehitu eta Kale Dor Kayiko elkarteak dira proiektuan parte hartuko dutenak. Anoetako Herri Ikastolako DBH3ko ikasleak zehazki horietako bi elkarterekin arituko dira aurtengoan elkarlanean.